lunes, 6 de enero de 2014

HAURRAREN GARAPENERARI BURUZKO ARTIKULUA

Haurraren garapenean dauden arazoez gain artikulu hau aurkitu dut.  Goiena.net orrialdetik hartuta dago eta oso interesgarria iruditzen zait eta gainera kontuan izan beharreko zenbait aspektu agertzen dira. Zuretzako baliagarria izatea espero dut!

Ainara Larrañaga: "Haurren egunerokoan ahalik eta errendimendu onena lortzea ahalbideratzen dugu"

Ainara Larrañaga aretxabaletarrak haurren garapenean lan egiten duen Garatu zentroa ireki berri du Eibarren, beste bi lagunekin batera. Terapeuta okupazionala da Larrañaga. Terapiak haurren garapenean duen eragina azaldu digu.

Terapia okupazionala ikasi, eta ordutik hona lanean zabiltza.
2005ean amaitu nuen karrera. Ondoren, neuro-errehabilitazioan hasi nintzen. Urte pare bat egin nituen arlo horretan lanean eta ondoren pediatrian hasi nintzen. Hainbat lekutan egin dut lan. Azkeneko lau urteak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Departamenturako lanean ibili naiz, Berritzegunean. Horiek dira heziketa laguntza zentroak. Profesional ezberdinak elkartzen gara eta ni hezkuntza premia bereziko arloan nengoen, beharra duten haurrei laguntzen.
Zer da terapia okupazionala?
Diziplina soziosanitarioa da, eta, batez ere, ezgaitasunak dituzten pertsonei zuzendua. Pediatrian bereziki lantzen dira haurraren okupazioa deitzen direnak. Haurren okupazioa ulertzen da eguneroko jarduera moduan, eurek etxean egiten dituztenak: jan, jantzi, eskolako ariketak eta jolasak. Horiek dira haurraren okupazioak. Okupazio horiek betetzeko behar dituen gaitasunak lantzen dira, autonomia eta haurraren parte-hartzea bermatzeko. Laguntza produktua orientatuz, ingurunea egokituz edo ekintza bere haurrari egokituz egokituz ere haurraren parte-hartzea bideratzen dugu. Hortaz, bi area lantzen ditugu: batetik, gaitasunak lantzen ditugu; eta bestetik, konpentsatu egiten dugu. Haur bat bere gaitasun kognitiboan eta sentsorialean mugara iritsi bada, egiten duguna da konpentsatu. 
Zuen zentroa haurrei zuzendutakoa da?
Bai, garapen arazoak dituzten haurrei zuzendutakoa da. Ikusi dugu ez dagoela pediatriara zuzendutako zentrorik; horregatik, ideia izan da Eibarren jartzea Gipuzkoako puntu guztietatik irisgarri izateko. Zentroa zabaldu dugu garapenean arazoak dituzten haurrei zuzenduta: garapenean arazoa deitzen diogu ume batek diagnostiko espezifiko berezi bat duenean; adibidez, garun paralisia edo arreta defizita. Ezaugarri batzuk dituen umea ere izan daiteke: ume baldarra, ikasketetan arazoak dituena… horiek ere ulertzen dira garapenerako arazo moduan. Ume horiei erantzuna emateko zentroa da zabaldu berri duguna.
Gaur egun zein da umeek duten arazo nagusia?
Gaur egun hezkuntza arloan asko entzuten den arazoa da arreta defizita, baina esan behar da askotan gaizki diagnostikatutako arazoa izaten dela. Arreta defizita erakusten duen manifestazioa kontzentratzeko arazoa izaten da. Baina askotan arazo bisuomotoreak edo prozesamendu sentsorialeko arazoak izaten dira. Akats horrek eragiten du gaur egun ume asko diagnostiko horrekin egotea.
Terapia bitartez arazoak gainditu daitezke?
Haurraren gaitasunak hobetzen ditugu eta mugak daudenean edo zailtasun bat dagoenean beste aldaketa batzuk ere egin daitezke: curriculuma aldatu eta jarraibidea batzuk eman bere ikasketa prozesuan horrenbesteko inpaktua izan ez dezan. Etxean ere moldatu gaitezke bere gaitasunetara. Baina, bai, nolabait gainditzeko edo hobetzeko aukera badago.
Terapia horretan zer lantzen duzue?
Lehenengo ikusi behar dena da haurraren zailtasunak nondik datozen. Gure taldean hiru profesional gaude: fisioterapeuta, neuro-psikologoa eta terapeuta. Baloratzen dugu haurraren gaitasun motorea, kognitiboa, konduktuala, sentsoriala eta funtzionala. Balorazio hori egin ondoren tratamendu bat planteatzen dugu. Ikusten dugu ze behar dituen eta planifikazio bat egiten dugu haur horrendako; adibidez, izan daiteke arreta defizita duen bati integrazio sentsorialeko tratamendua ematea. Baita ere egiten ditugu taldeko tailerrak, gaitasun funtzionalak garatzeko. Gainera, irakasleei aholkatzen diegu curriculuma nola egokitu haur horren errendimendu akademikoa hobetzeko.
Haur horiek euren egunerokoa egiten dute?
Bai, gaixotasunaren arabera terapia astean behin, gutxiagotan edo gehiagotan egiten dugu. Gure intentzioa da haurrak bere bizitza normala eramatea eta hau izatea laguntza zerbitzu bat.
Terapia Okupazionala zer da zuretako? Zergatik aukeratu zenuen Terapia ikastea?
Nik argi neukan osasun arloan lan egin gura nuela, eta nolabait pertsonekin lan egin gura nuela. Egiten duguna da, pediatriako kasuan adibidez, ahalbideratu haurrek euren egunerokotasunean ahalik eta errendimendu onena lortzea. Haurrak oso espresiboak dira, eta lorpenak dauden momentutik asko eskertzen dute. 
Nola esango zenuke garatu dela terapia okupazionala azkeneko urteetan?
Espainiar estatuan oso berria da baina AEBetan eta Kanadan, esaterako, oso garatuta dagoen arloa da. Ospitale orokorretan eta anbulatorioetan dago; nik uste dut hemen izugarrizko atzerapena dugula zentzu horretan. Gaur egun gehien ezagutzen den perspektiba konpentsatzailea da baina ez dugu ahaztu behar abilezia garatzen duena ere badagoela. Adibidez, integrazio sentsorialeko abileziak ez ditu inork lantzen. Gipuzkoan ez dago terapeuta okupazionalik horretan formatua eta zerbitzu hori ematen duena. 
Zein egoeratan dago gaur egun Terapia okupazionala?
Nahiko urria da, adibidez Osakidetzak ez dauka pediatrian lan egiten duen terapeuta okupazionalik.




No hay comentarios:

Publicar un comentario